Ahozko hizkuntza eskolan

Hezkuntza Sistemaren helburu garrantzitsuena ikasleak egungo gizartean bizitzeko prestatzea da. Baina, lehen aipatu dugunez, pertsonok ahozko hizkuntza erabiltzen dugu gehien bat eguneroko bizitzan, eta eskolan idatzizkoa lantzen da nagusiki. Egia da, hasierako mailetan, HH hain zuzen ere, jarduna ahozkoa dela batez ere. LHn idatzizkoa nagusitzen joaten da pixkanaka, eta BHn jaun eta jabe egiten da. Ikusten dugu beraz, ikasketa mailetan gora egin hala ahozko hizkuntzari garrantzi gutxiago ematen zaiola. Nagusiok ahozko hizkuntzaren premiarik ez dugula ote, edo ahozkoa berez, entzutez, ikasten dugulako ote da. Nagusiok bizitza pertsonalean nahiz bizitza profesionalean ahozko komunikazioa erabiltzen dugu oro har, hori argi dago, eta ahozko hizkuntzaren ikaskuntza entzutez ere gertatzen den arren, hezkuntzak esku hartu dezake eta hartu behar du ikaskuntza prozesu horretan. Ikasleek beraien arteko harreman informaletan ahozko hizkuntza erabiltzen dute, noski, dagokion erregistroarekin,  baina gure eskola jardunetan ez du leku gehiegirik ahozkoak.

Eskolan ikasleek ahozko adierazpena irakurtzean, bakarkako berbaldietan, talde solas eta eztabaidetan erabiltzen dute batez ere. Baina, deklamazioa, bertsolaritza, antzerkia eta kantua ahozko adierazmena lantzeko tresna onak izan daitezke. Jardun hauetako batzuetan (irakurketa, berbaldia eta kantua) norbanako bakoitzak kudeatzen du bere hizketaldia, mezua jasotzen duenak ez du partehartze garrantzitsurik. Solasak eta eztabaidak partehartzaileen elkar eragitea bideratzen dute, hiztunen artean hartu eman zuzena dago. Komunikazio era honen ezaugarri nagusia bat-batekotasuna da, parte hartzaileen arteko elkar eraginak solasaren norabidea baldintzatzen baitu, eta horregatik komunikazio aske batean bihurtzen da.

Ahozko adierazpenean erabiltzen diren testu motak lautan laburbildu genitzake: narrazioak, deskripzioak, azalpenak, instrukziozkoak eta argudiozkoak. Testu mota hauek irakurtzean, solasean nahiz berbaldian agertuko zaizkigu, edozein ahozko adierazpen eratan.
  • Narrazioak: Denbora baten zehar jazotzen den zerbait kontatzea, ordena logiko eta kronologiko batean.
  • Deskripzioak: Hizkuntzaren bidez pertsonak, gauzak, tokiak, etab. nolakoak diren adieraztea, denborarekiko menpekotasunik eduki gabe.
  • Azalpenak: Zerbait ulertzeko edo ezagutarazteko informazioa igortzea.
  • Argudiozkoak: Tesi edo iritzi bat arrazoitu, frogak adierazi. Gai baten inguruko datuak erlazionatzen dira, informazio edo iritzi berri bat eraikitzeko. 
Ahozko adierazmenaren irakaskuntza zuzendua izan behar du. Eskolako harrremanetan, kideekin hitzegitean beti zerbait ikasten bada ere, eskolako edozein gaitasunen irakaskuntzan legez, ahozkotasuna curriculumean sartu behar dugu. Ahozko adierazmena lantzeko jardunak antolatu behar dira, ikasleei irizpideak eta ereduak eman behar zaizkie eta, noski, ebaluatu egin behar da.
 
 
Comments